Beste urte batez, giro bikaina sortu zen helduen danborradan atzo, zapatua. Eguraldi txarra zegoen iragarrita, eta iluntze osoan zehar zaparrada mardulak bota zituen arren, danborradak ohiko ibilbidea egin zuen. 22:00etan hasita, ehunka herritarrek gelditu gabe astindu zituzten danborrak. Gurea pilotalekuan elkartu ziren talde guztiak, eta ondoren, plazan jo zituzten lehen kantuak; gero, Balda plazara joan ziren, eta han beste abesti batzuk jo zituzten; handik Julio Urkixorako bidea hartu zuten, eta bertan, edariak hartzeko tartea ere izan zuten; azkenik, gauerdia baino minutu batzuk lehenago, plazan batu ziren berriro danborradako talde guztiak, eta abesti guztiak jo zituzten bertan.
Iaz bezala, hamar talde atera ziren danborradan: Aldapa gazte taldea, Ixkitturri elkarte gastronomikoa, Udalaren taldea, pilotarien taldea, euskal presoen eskubideen aldeko taldea, Txintxarri gazte taldea, eta Floreaga eta Xabier Munibe ikastetxeetako bina talde.
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)