Santa Zeziliaren omenezko musika eta dantza emanaldia izan da gaur arratsaldean, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Saioko protagonistak Bizkargi musika eta dantza eskolako ikasle eta irakasleak izan dira. Aretoa jendez beteta zela hainbat kanta abestu, dantzatu eta jo dituzte musika tresnekin.
Oholtza gainean aurrenak musika tailerreko 5 eta 6 urteko haurrak izan dira. Horiek Musikalean eta Musika egin dezagun kantak abestu dituzte. Gero, musika eskolako abesbatzak Loretxoa eta Bring me little water kantatu ditu. Dantza taldekoen txanda izan da ondoren, eta hiru dantza egin dituzte: Dantza luze, Sorginak eta Ahuntxa. Musika tresnen emanaldia Danel Kortak ireki du bonbardinoarekin Zero to hero joz. Ane Arriola, Aitor Azkoitia, Janire Campos, Irati Dominguez, Oihan Elorza, Intza Etxaniz, Ainara Guerra, June Ibarmia, Maria Juaristi, Ariane Larrañaga, Iratxe Nieva eta Africa Peñak osatutako biolin taldeak, berriz, Star Seeker Variations eta Aitormena piezak jo dituzte. Emanaldia bukatzeko, instrumentu taldeak Deabruak gara interpretatu du. Talde horretan aritu dira: trikitiarekin, Araitz Etxaniz, June Badiola eta Haritz Alberdi; biolinarekin, Nora Uria; gitarrarekin, Lander Albizuri; baxuarekin, Ioritz Legarda-Ereño; baterian, Alex Olazabal; eta panderoa eta ahotsa Aiora Azkue eta Maialen Arratibel.