Azkoitian hasiko da 2019-2020 sasoiko Binakako Pilota Txapelketa. Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia lau eta erdiko txapelketako bi pilotari finalistek elkarren aurka jokatuko dute ostiralean, Gurea pilotalekuan. Ezkurdia txapeldunak Julen Martijarekin osatuko du bikotea, eta Jokin Altunak Ladis Galarzarekin.
Ostiralean, 22:00etan hasiko da pilota jaialdia. Lehen partida bat ere izango da Azkoitian, baina oraindik ez dute zehaztu zeinen artekoa izango den. Ondoren hasiko da Binakako Txapelketari dagokiona. Bihar, asteazkena, berriz, 12:00etan egingo dute pilota aukeraketa, Gurea pilotalekuan, eta saio horretarako sarrera doakoa izango da.
Guztira zortzi bikotek parte hartuko dute aurtengo Binakako Txapelketan, lau bikote Baiko enpresatik eta lau Aspe enpresatik. Aurten ere ligaxka formatuan jokatuko dute txapelketa. Baina bada aldaketa bat. Lehen bi sailkatuak zuzenean sartuko dira finalerdietako ligaxkara. Beste bi bikoteak, berriz, kanporaketa bidez erabakiko dira. Hirugarren sailkatuak seigarrenaren aurka jokatuko du, eta laugarrenak bosgarrenaren kontra. Irabazleak finalerdietako ligaxka jokatuko dute. Kanporaketa horiek otsailaren 29an eta martxoaren 1ean jokatuko dira.
Sarrerak
Ostiraleko jaialdirako sarrerak eskura daitezke dagoeneko. Internet bidez jarri dituzte saltzen, baina Gurea pilotalekuko leihatilan ere jarriko dituzte saltzen ostiralean bertan, 21:00etatik aurrera. 30 euro balio dute kantxako sarrerek, eta 20 euro goiko solairukoek eta errebotekoek. Azkoitiko jaialdia ETB1ek emango du zuzenean.