Azkoitiko Udalak herrian euskara sustatzeko hainbat dirulaguntza ematen du. Besteak beste, joan zen urrian hasi eta 2020ko ekainean bukatuko diren 2019-2020 ikasturteko euskara ikastaroen dirulaguntza bi ordaindiketatan eska daiteke, eta azaroaren 22an, ostirala, bukatuko da laguntza hori eskatzeko epea.
Dirulaguntza eskatzeko honako baldintzak bete beharko dira, beste hainbaten artean: Azkoitian erroldatuta egotea, gutxienez, ikastaroak irauten duen bitartean; 16 urte beteta izatea; eta gutxienez, %85eko asistentzia izatea ohiko, autoikaskuntza nahiz internet bidezko ikastaroetan, ikastaro trinkoetan zein barnetegian.
Dirulaguntzen zenbatekoari dagokionez, berriz, honakoak izango dira:
- Euskaltegian neguan eta udan ikastaroak egin eta gainditu dituztenei, matrikularen %75a ordainduko zaie. Nolanahi ere, dirulaguntza ez da 350 eurotik gorakoa izango.
- Ikastaro trinkoak nahiz autoikaskuntza eta internet bidezko ikastaroak egin eta gainditzen dituztenei, matrikularen %70a ordainduko zaie, beti ere, 350 euroko mugarekin.
- Barnetegian ikastaroak egin eta gainditzen dituztenei, matrikula, jatordua eta egoitza gastuen %70a ordainduko zaie, beti ere, 1.050,00 euroko mugarekin.
- Urtero eskatzaileko gehienezko laguntza 1.400 eurokoa izango da
Honako lotura honetan aurki daiteke dirulaguntzen inguruko informazio gehiago.