Borja Zubizarretak eta Alaitz Oruesagastik irabazi dute San Martin mendi lasterketa

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 9a, 13:06

San Martin auzoko jaien barruan, San Martin VI. mendi lasterketa jokatu da gaur goizean. 44 kirolarik parte hartu dute, eta Borja Zubizarreta eta Alaitz Oruesagasti izan dira irabazleak.

Ateri egin du San Martin VI. mendi lasterketa jokatu den bitartean, eta bukatu orduko hasi dira euri tanta batzuk. San Martin ermitan 11:00k jo orduko abiatu dira probako 44 parte hartzaileak Mikologi elkartearen aurretik. Zazpi kilometroko ibilbidea egin behar izan dute, gero San Martin baselizan proba bukatzeko. Azkoitiarrak izan dira gizonetan eta emakumeetan aurrenak baselizako kanpaia jotzen. Gizonetan, Borja Zubizarreta izan da txapelduna, 28:17 denboran mendi lasterketa bukatuta. Emakumeetan, Alaitz Oruesagastik lortu du proba aurrena bukatzea, 37:17 denboran.

Ibilbidean ur asko aurkitu dutela adierazi dute ibilbidea egin dutenek: "Lokatza baino gehiago ura zegoen ibilbidean, erreskastoak zeuden". Ibilbidea egokitu egin dute aurten antolatzaileek eta kilometro bat gutxiagokoa izan da. Hala ere, aurreko edizioetako ohiko mendixkak zeharkatu dituzte parte hartzaileek: Txalintxo, Munoaundi eta Kukuerri.

San Martin auzoko jaien barruan jokatu da mendi lasterketa, eta Udalak zein auzoko San Martin Mikologi elkarteak antolatu dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide