Uda honetan 'Bakardadeari begira' izeneko argazki lehiaketa bat antolatu du MatiaZaleak Matia Fundazioaren inguruko taldeak. Partaideek bakardadearen begiradak islatu dituzte, "bertan aniztasuna, bilatutako bakardadea, gustura hartutakoa, nahi ez duguna, teknologiak eragiten diguna, natura inguruan bilatzen duguna… bakardade ezberdin asko ikusi ditugu", azaldu dute ekimeneko kideek.
Orain, MatiaZaleak taldeak bakardadearen inguruko hausnarketa partekatzera gonbidatu ditu herritarrak. Ekimena beste hainbat eragileren laguntzarekin jarri du martxan, tartean Euskadi Lagunkoia-Eusko Jaurlaritza. Hausnarketan parte hartzeko, buzoi bat jarri dute Elkargunean postalekin. Nahi dutenek euren hausnarketa idatzi dezakete eta postontzian sartu, gertuko pertsona bati eman edota Matia Fundaziora bidali posta bidez.
Postontzia, Elkargunean
Gutunontzia Elkargunean egongo da, gaurtik, azaroak 4, azaroaren 24ra arte. Azaroaren 25etik abenduaren 15era Aizkibel Liburutegian jarriko da eta udaletxeko Arreta Bulegoan jarriko dute azkenik, abenduaren 16tik 31ra.