Atzo, astelehena, hasi zuten Guraso Eskola. Mugikorrarekiko, sare sozialekiko eta bideo-jokoekiko menpekotasuna izango dute hizpide aurtengo edizioan. Guztira zortzi saio egingo dituzte Elkargunean, eta atzo egindako lehen eskolan sareen ohiko erabilpena, pribatutasuna, segurtasuna testuinguru digitalean eta bideo eta argazkien partekatzea jorratu zituzten.
Gailuek eta Internetek sor dezaketen menpekotasunean eta horien erabilera desegokian jarriko dute arreta bereziki Guraso Eskolan, eta askotariko gaiak jorratuko dituzte bileretan, hala nola pribatutasuna eta segurtasuna, gehiegizko erabileraren ondorioak, erregulazio emozionala, indarkeria matxistan duten eragina, pornografia eta Internetez egiten diren apustuak. Gurasoek gai horien guztien inguruan izan ditzaketen kezkak eta hausnarketak plazaratzeko aukera izango dute bileretan.