Gure Esku-k manifestazioa egingo du bihar, zapatua, Donostian, egungo "larrialdi demokratikoari erantzun bateratua" emateko asmoz, eta Auzitegiu Gorenak Kataluniako buruzagi independentisten aurka emandako epaia salatzeko. Erreferenduma ez da delitu. Askatasuna lelopean, 17:30ean abiatuko da manifestazioa Donostiako Antiguako tuneletik.
Adostasun zabala
Askatasuna. Konponbide politikoaren alde manifestu bateratua plazaratu du Gure Esku-k, eta horrekin bat egin dute EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu alderdi politikoek; ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek; Demokrazia Bai plataformak; Erabakizaleak abokatuen elkarteak; eta kultur, kirol eta gizarte arloko erreferente ugarik. Horiek guztiek Kataluniako presoen askatasuna eskatu dute, eta Gure Esku-k biharko Donostian Erreferenduma ez da delitu. Askatasuna lelopean antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Horrekin batera, azpimarratu dute Kataluniarako beharrezkoa dela «konponbide politikoa».