Herrixen merkatari elkarteak laugarrenez antolatu du herriko merkatari txikien jarduna erakusteko eta betiko bezeroak eskertzeko eguna. "Herriaren esentzia komertzio txikian" dagoela ari dira islatzen egunean zehar. Iaz bezala aurten ere Azkoitia Eguna izenarekin ari dira ospatzen herriko merkatarien aldeko eguna. Txu-txu trena herriko kaleetan zehar ibili da, tonbola ere jarri dute mila sarirekin eta txorizo eta sagardo dastaketa trikitilariek girotu dute. Aurten herriko hainbat merkatarik plazan postua jarri dute, egunero egiten duten lanaren berri emateko. Herritar ugari bildu da plazan.
Puzgarriak eta pintxo lehiaketa
Arratsaldean, umeentzako puzgarriak jarri dituzte Berdura plazan. Hasiera baten Balda plazan ziren jartzekoak, baina euria dela eta Berdura Plazan jarri dituzte. Kontzejupean, berriz, umeentzako aurpegi margoketa eta marrazketako gunea jarri dute.
Iluntzean, berriz, IV. Zakelmari Pintxo Lehiaketa egingo dute. Piper berdea da aurten ere pintxoa osatzeko osagai nagusia. Epaimahaia 19:00etan hasiko da Zurt, Latz, Orbela, Koxka, Tta-kun, Errexil eta Etxe-Aitz tabernetako pintxoak dastatzen. 20:00-20:30 inguruan egingo dute sari banaketa.