Sasoiko jarraitzen du Jone Zabaleta atletak. Joan den asteburuan Lyniolan bezala, atzo ere garaipena lortu zuen azkoitiarrak Alguaireko Aireportuko 10 kilometroen lasterketan, Lleidan (Katalunia). Lleidako aireportua da Alguaire, eta zazpigarren edizioa bete zuen atzokoarekin Alguaireko Udalak, Alguaireko Aireportuak eta Ekke kirol elkarteak antolatzen duten probak. Hango Lliga Ponent txapelketarako puntuagarria zen atzoko lasterketa..
Alguairen, erraz nagusitu zen Zabaleta emakumeen sailkapenean. Atletico San Sebastian taldeko azkoitiarrak 37 minutu eta 31 segundo behar izan zituen hamar kilometroak osatzeko, eta alde nabarmena atera zien bigarren sailkatu zen Anna Artali (40.53) eta hirugarren iritsi zen Elisa Lladosi (43.40). Sailkapen nagusian, zortzigarren postua lortu zuen Zabaletak.