Gaur, urriak 12, 09:00etan hasi da Elosuko XLI. Ganadu Feria. Eguraldi epela lagun, goizetik jende ugari dabil Elosuan. Auzoko plazan eta ondoko belardian era askotako produktuak saltzeko postuak jarri dituzte, urteroko legez: bitxiak, gazta, hestebeteak, arropa, oinetakoak, aterkiak, ogia, perretxikoak, ukenduak... Horrez gainera, jan-edanerako aukera bikaina dago, hala nola, txahal errearen pintxoak eta taloak, besteak beste.
Goizean, haurrentzako puzgarriak ere jarri dituzte frontoiaren ondoko haur parkean. Eguerdira arteko giroa bertsolariek eta trikitilariek girotu dute.
Azkoitiko Udalak autobus zerbitzua jarri du Elosuko feriara joateko, eta autobusa joan-etorrian 20:30era bitartean ibiliko da. Autobusak Azkoitian Eroski txikiaren aurreko geralekutik aterako dira, Julio Urkixo kaletik alegia, eta leku berera itzuliko dira Elosutik. Doakoa da zerbitzua.