Espazioa berrituta, zabalik dago berriro Artxamendi Topalekua

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 11a, 10:23

Elkargunean dituen instalazioak handituta, Artxamendi Topalekua zabalik dago berriro. Hemendik aurrera bi gune berri izango dira Topalekuan; Soinu eta Irudi Laborategia batetik, eta tailerrak egiteko lekua, bestetik. Azaroaren 15ean, ostirala, izango da espazioaren inaugurazio festa.

Artxamendi Topalekua zabalik dago berriro Elkargunean dituen instalazioak handitu ostean. 13 eta 17 urte arteko nerabeei eta haien gurasoei zuzendutako zerbitzua eskaintzen da bertan eta askotariko jarduerak egiten dituzte: motibazioa, prebentzioa eta gizarteratzea lantzeko ekintzak, besteak beste.

Azkotiko Udalak adierazi duenez, Elkarguneko espazioak berrantolatzeko beharra ikusi zuen zerbitzuen erabilera gehitu dela eta. Hala, Helduen Eskola lekuz aldatu eta Topalekua handitu egin dute. Egun, 180 m² ditu espazio berriak, eta 4.000 euroko kostua izan dute lanek. Udalaren arabera, Abarketatxo ludotekarentzat ere onuragarria izan da Topalekuaren espazioa handitzea. Izan ere, orain arte 4 eta 12 urte arteko haurrei eskaintzen zitzaien ludotekako zerbitzua, baina hemendik aurrera 10 eta 12 urte arteko haurrentzat gune berri bat izango da, umeekin egiten den lanketa eta ematen zaien zerbitzua hobetzeko helburuarekin. Haurrek beraiek izango dute gela atontzeko aukera, gainera.

Horrez gain, Udalak gaineratu du Gazteria Zerbitzua "ahalegin handia" egiten ari dela Topalekuan egiten dira ikastaroak "garai berrietara" egokitzeko. Ekintzailetasuna, sormena eta lantaldean aritzeko gaitasuna XXI. mendean "giltzarriak" direla nabarmendu du. Ildo horretatik, zerbitzuaren erronketako bat ikaskuntza eredu berriak nahiz "etorkizuneko profilak" garatzea dela dio haurren eta nerabeen heziketan eta prestakuntzan "laguntzea" oinarri hartuta.

Gune berriak

Topalekuak espazio handiagoa izateaz gain, gune berriak ere izango ditu hemendik aurrera. Batetik, Soinu eta Irudi Laborategia izango da; bideoak editatu eta "irudiaren munduan murgiltzeko" aukera izango da bertan Udalaren arabera. Bestetik, lanbideen inguruko tailerrak emango diren gune berri bat izango da; zurgintza eta iturgintza ikastaroak izango dira bertan, beste hainbaten artean. Gune berri hauek egokitzeko 24.000 euro bideratuko ditu Udalak. 

Elkarguneko espazio berrituak dagoeneko ateak zabalik dituen arren, inaugurazio festa prestatzen ari dira Topalekuko kideak azaroaren 15erako, herritar orok izan dezan hango berrikuntzak ikusteko aukera. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide