Urrestillako Txikuri pilotalekuak herri kirol munduko hitzordu garrantzitsu bat hartuko du zapatuan: izan ere, bertan jokatuko dute Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala. Bertan lehiatuko da Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, Mikel Larrañaga azpeitiarraren eta Ruben Saralegi errazkindarraren aurka,12:00etan hasita. Horiek bost izakeratako 30 enbor ebaki beharko dituzte erlojuaren kontra.
Jaialdia osatzeko, emakumeen harri-jasotze lehia ere izango da. Hain zuzen ere, Virginia Finol, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Udane Ostolaza 14 urteko kirolaria beren marka pertsonalak hobetzen saiatuko dira 63 kiloko harri kubikoarekin eta 50 kiloko bolarekin.
Urrian hainbat txapelketa ari dira jokatzen eskualdeko aizkolariak. Horren erakusle da bai zapatuan Urrestillan izango den txapelketa, bai joan zen asteburuan aizkolariek jokatu zuten Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketako jardunaldia –hirugarren egin zuen Alberdik–, baita hilaren 27an jokatuko duten txapelketa horren finala ere.