Ate joka da Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketa, eta Julen Alberdi 'Txikia IV'.a azkoitiarra lehiari ekiteko prest dago. Datorren larunbatean, urriak 5, jokatuko dute kanporaketa 11 aizkolarik Gasteizko Foruen plazan (18:00), eta sei aizkolari sailkatuko dira finalera.
Alberdirekin batera ariko dira kanporaketan Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Eneko Otaño, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugertza, Jesus Mari Mujika, Luis Txapartegi, Jon Rekondo, Iker Vicente eta Ruben Saralegi, eta horiek guztiek 54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako bina enbor ebaki beharko dituzte.
Lan horiek egiten denbora onena lortzen duten sei kirolariak igaroko dira finalera. Finala ere Gasteizen izango da. Urriaren 27rako jarri du hitzordua Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak; 12:00etan hasiko da lehia, Gasteizko Iradier Arenan.
Azken bost urteetan jarraian Aitzol Atutxa dimoztar aizkolariak jantzi du Euskal Herriko txapela.