Azkoitiarrek 167.948 bidaia egin dituzte MUGI txartelarekin azken sei hilabeteetan

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 24a, 14:55

MUGI txartela ateratzeko postua parrokiaren aurrean.

Gaur, asteartea, MUGI sistemaren erabiltzaileen arreta zerbitzua izan da parrokiaren aurrean, eta hainbat herritar gerturatu da bertara txartela tramitatzera nahiz garraio sistemaren inguruko informazioa eskatzera. Bestalde, Azkoitiako Udalak adierazi duenez, azken sei hilabeteetan 167.948 bidaia egin dituzte azkoitiarrek MUGI txartela erabilita.

Europako Mugikortasun Astearen barruan, MUGI sistemaren erabiltzaileen arreta zerbitzua izan da gaur, asteartea, Azkoitian. Bertan, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren eskutik hainbat herritarrek MUGI txartela tramitzatzeko aukera izan dute, baita haren inguruko informazio gehiago izan eta zalantzak argitzeko aukera ere.

Bestalde, gaurko egunaren harira, Azkoitiko Udalak MUGI sistemarekin lotutako hainbat datu plazaratu du. Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak adierazi duenez, azken sei hilabeteetan 167.948 bidaia egin dituzte azkoitiarrek MUGI txartela erabilita; 2018. urtean, berriz, guztira, 334.116 bidaia egin zituzten. Horrez gain, Zubizarretak adierazi du 5.701 MUGI txartel daudela gaur gaurkoz indarrean herrian.

Europako Mugikortasun Astearen ildotik, Azkoitiko alkateak garraio publikoaren aldeko apustua egin du: "Gero eta kontzienteago gara denok aldaketa klimatikoaren aurkako borrokak duen garrantziaz eta garraio publikoa erabiltzea guztion esku dago guztietan ez bada ere, bai behintzat joan-etorri askotan. Egia da Azkoitian hutsunea dugula Bilbora eta Gasteizera garraio publikoan mugitzeko, baina beste ibilbide asko egin ditzakegu autobusez” azaldu du alkateak. Horrez gain, Zubizarretak gehitu du "larrialdi klimatikoa deitzen hasi garen testuinguru honetan" denok egin dezakegula "ekarpena".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide