Zubiaurre igeri elkarteak, Marea Urdinak eta Instalakuntza Duinak Orain taldeak antolatuta, eta Azkoitiko Udalak lagunduta, Igeri egitearen poza, kirolaz haratago mahai-ingurua egingo dute irailaren 21ean, larunbata. Ane Aranbarri azkoitiarra, Aritz Orbegozo azpeitiarra eta Maider Gaztañaga ordiziarra izango dira hizlariak, eta Xabier Barquerok gidatuko du. Antolatzaileek adierazi dutenez, emaitzen eta marken gainetik kirolak dituen beste aurpegiak erakutsi nahi dituzte: "Taldean gozatzeko, emozioak partekatzeko edota sasoian egoteko egiten da ariketa fisikoa. Mila modu eta arrazoi ditugu kirola praktikatzeko. Gu uretan murgiltzen gara, kirolaz haratago doan gozamena ematen digun ekintza delako". Solasaldia 17:30ean hasiko da, Elkargunean.