Udaletxeko areto nagusia xake jokaleku bihurtu dute gaur goizean Anaitasuna Kakutekoek. Klubaren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan, lagunarteko txapelketa antolatu dute gaurkorako Azkoitiko xakelariek, eta ez ohiko agertokia bera protagonista bihurtu da, lehiakideekin batera.
Anaitasuna Kakuteko hamasei xakelari txapelketara gonbidatutako beste hainbat klubetako beste hainbeste xakelarirekin lehiatu dira gaurko hitzorduan. Guztira, 36 jokalari aritu dira nor baino nor; ordubeteko partida luzeak jokatu dituzte aurrena, eta atsedenerako tartea hartu ondoren, bost minutuko partida azkarrak jokatuz osatu dute txapelketa.
Lehia hasi baino lehen, Anaitasuna Kakuteren ordezkariek Azkoitiko Udalak klubari urteetan emandako babesa eta laguntza eskertu nahi izan dute. Horrela, Jose Luis Fernandez presidenteak udalari zuzendutako oroigarria eman dio Javier Zubizarreta alkateari, eta alkatea bera izan da txapelketaren ohorezko sakea egin duena.