Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek Txapeldun historiak erakusketa zabalduko dute Azkoitiko Torre Zuri aretoan. Erakusketa bihar, abuztuak 14, irekiko dute, eta bertan, lasterketaren historia biltzen duten argazkiak edota hedabideetan argitaratutako albisteak jarriko dituzte ikusgai. Era berean, bihar 25 urte beteko dira Diego Garcia, Martin Fiz eta Alberto Juzgado atletek domina bana eskuratu zutela Helsinkin jokatutako Europako Atletismo Txapelketan, eta lorpen handi hura gogoratzeko kaleratu dituzten kamisetak jarriko dituzte salgai. Kamisetak 11:00etatik 14:00etara bitartean erosi ahalko dira bihar.
Probaren antolatzaileek aurreratu dutenez, 2020ko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia martxoaren 28an, larunbatez, jokatuko da.