Presoen eta iheslarien aldeko azken ostiraleko elkarretaratzea egin dute

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 27a, 11:02

Atzo, uztailak 26, hileko azken ostiraleko elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek herriko plazan, preso eta iheslarien alde.

Hilabeteko azken ostiralean egin ohi duten moduan, atzo, uztaileko azken ostirala izanik, preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzea egin zuten plazan dozenaka lagunek. Ekitaldiaren amaieran, honako irakurketa hau egin zuten:
 
 
"Ostiralero bezala, ehunka edo milaka kilometroko, gastu ekonomiko handiko, arrisku handia dakarren eta ordu asko iraungo duen bidai batentzat prestatzen ari dira ehunka euskal herritar. Ez doaz oporretara, ez da plazer hutsagatik egingo duten bidai bat. Ez da lan bidai bat ere ez. Inposaketa bat da. Gaur egungo espetxe politikak ezarritako prezioa da, euskal preso politikoak eta haien senide eta lagunei ezarritako prezioa bisita eskubidea gauzatu ahal izateko. Printzipioz, espetxe legediak bermatzen duen eskubidea da, baina gure kasuan erronka fisikoa, psikikoa eta ekonomikoa da, senide eta lagunok astebururo aurre egitera behartzen gaituena minutu gutxi batzuez gure 
senide presoak bisitatu ahal izateko. 
Duela 30 urtetatik, egoera hau astero errepikatzen da Espainiako Gobernua 
euskal gizartean sufrimendua eragiten duen egoera bakarra geldiaraztera ukatzen delako. Gaur egun oraindik gure senide presoen %65a urrutien dauden 
espetxeetan aurkitzen dira, bisitatzeko esfortzu gehiena eskatzen digutenak, 
maila guztietan.
Hau dela eta, uztaila hurrengo bi deialdiei begira amaitzen dugu. Lehenengoa 
abuztuaren 1ekoa da, urtero bezala, Loiolako basilikaren aurrean egingo dugun elkarretaratzea, Iñigo Urkullu lehendakariari gure mezua helarazteko. Bigarren deialdiak bi data dauzka: abuztuaren 4a eta 10a, Euskal Herriko 15 hondartzetan bilduko gara, urtero egiten dugun bezala, gure egoera salatzeko helburuarekin eta behingoz konponbide bat emateko eskatuz.
Aldi berean, beste data seinalatu batera gerturatzen goaz: irailak 16, elkartasunaren aurkako makroepaiketa. Medikuak, abokatuak, senideak eta gure presoen egoera larriarekin elkartasuna adierazi duten pertsonen aurkako epaiketa. 
Espetxe zigor eskaera handiak dituzten 47 pertsona, haien eta haien familien 
etorkizuna hipotekatuta duten 47 euskal herritar; osasun asistentzia, defentsa 
juridikoa eta informazio eta salaketa lanak egiteagatik epaituak izango direnak; hau da, gatazkari konponbidea emateko konpromisoa hartzeagatik. Lan hau beste gatazka batzuetan onartua eta indartua izango lirateke, baina Euskal Herrian oztopatua eta kriminalizatua izan da. 
Gure ekarpenik onena lan konstantea eta arduratsua egiten jarraitzea da, konponbidea lortzeko asmoarekin, etorkizunera begira. Hori da hartzen dugun konpromisoa. 
ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU!"

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide