Udala, Gureak eta Atzegiren arteko hitzarmena, desgaitasun intelektuala dutenen inklusioaren alde

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 24a, 12:00

Udalak lankidetza hitzarmena sinatu du gaur goizean Atzegi elkartearekin, Gureak taldearekin eta Gureak Fundazioarekin desgaitasun intelektuala duten pertsonen lan eta gizarte inklusioa bultzatzen jarraitzeko xedez. Hitzarmen horren bidez, desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko  Azkoitiko Udalak duen konpromisoa berresten du. 

Udala iazko apirilean batu zen Pauso Berriak proiektura eta ordutik udaletxean lanean dabil Ander Idoeta azpeitiar gaztea. 1.000 orduko lan-praktikak egiteko sartu zen eta amaitu ostean, jarraipen formula ezberdinak aztertu eta lankidetza hitzarmenari esker, bertan jarraituko du. 

Udalaren konpromisoa eskertzeko eta aitortzeko asmoz, Atzegi eta Gureak taldeetako ordezkariek diploma bat eman diote Udalari eta Javier Zubizarreta alkateak jaso du Ander Idoetaren eskutik. 

Pauso Berriak programaren arduradunen esanetan, horrelako hitzarmenek  erakusten dute borondatearekin eta postuetan egin daitezkeen egokitzapenekin, desgaitasuna duten pertsonek ekarpen handia egin dezaketela lan ingurune inklusiboagoak eta solidarioagoak sortzen. 

Udaletxean Ander Idoetaren ardurak dira, besteak beste, sail ezberdinetan dokumentazioa banatzea, dokumentuak gutun-azaletan sartu, zigiluak jarri, txostenak artxibatzea eta eskaneatzea edota beste hainbat enkargu egitea Correosera, Elkargunera, Liburutegira edo Bake Epaitegira joanez. 

Zer da Pauso Berriak?

Pauso Berriak Gureak eta Atzegik zuzendutako programa da. Desgaitasun intelektuala duten pertsonei zuzendua da eta helburua da pertsona horien bisibilitatea ematea eta euren inklusioa lortzea laneratzearen eta gizarteratzearen bidez. Merkatuan, zerbitzu okupazionalaren baitan, lanerako aukerak ematen zaizkie. Pauso Berriak 2010ean jarri zen martxan eta garapen sozio-laborala errazten duen programa gisa, kontsolidatzea lortu da, ageriko ereduak, positiboak eta sozialki transformatzaileak sortuz. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide