Irailaren 20an abiatuko da Donostiako 67. Zinemaldia. Bertan erakutsiko dituzten hainbat filmaren berri eman dute gaur Madrilen Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Perez de Anucita Komunikazio arduradunak. Besteak beste, adierazi dute Izibene Oñederraren (Azkoitia, 1979) Lursaguak film laburra erakutsiko dutela Zabaltegi-Tabakalera sailean. Sail berean izango dira Maddi Barberren Urpean lurra film ertaina (Itoizko urtegiaren gatazkan girotua), Ion de Sosa eta Chema Garcia Ibarraren Leyenda dorada eta Justin Websterren El fiscal, la presidenta y el espía.
Hélène Cixous frantziarraren esan bat du oinarrian Lursaguak filmak. Izan ere, honako hau zioen hark: “Inoiz ezagutu ez den espezieko milioika lursagu, milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala, birrintzen ari diren garai horretantxe bizi gara”. Esan horretan oinarrituta ondu du azkoitiarrak bere filma.
Lursaguak film laburra aurtengo Kimuak Euskal Herriko film laburren katalogorako aukeratu dute. Kimuak katalogoak 22. aldia du aurten, eta 65 lan aurkeztu ziren eta zazpi aukeratu zituzten, tartean azkoitiarrarena.