Hilaren 9an hasi zen Emakumezkoen Frontoi Txikiko XI. Paleta Txapelketa, eta jokalari azkoitiarrek osatutako bikotea azken koskan dago. Joan den asteartean finalerdiak jokatu zituzten, eta bi bikote hauek sailkatu ziren finalera: Mirari Arzallus eta Amaia Aizpuru alde batetik, eta Idoia Tejedor eta Maitane Sarobe bestetik. Hala, gaur arratsaldean neurtuko dituzte indarrak sailkatutako bi bikote horiek.
18:00etan hasiko da aurtengo txapelketako azken jardunaldia, eta guztira hiru partida izango dira. Lehenengo, emakumeen arteko esku pilota partida berezia izango da; gero, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko, finalerako atarian geratu diren bi bikoteak ariko dira lehian; eta azkenik, finala jokatuko dute Mirari Arzallus eta Amaia Aizpuru azkoitiarrek Idoia Tejedor eta Maitane Sarobe bikotearen aurka.