Uztailaren 19an jokatuko dute Azkoitiko VI. Duatloi Herrikoia Azkoitian. Balda plazan izango ditu irteera eta helmuga, eta gainerako probaren ibilbidea ohikoa izango da: hasteko, herriko kaleak zeharkatuko dituzte korrika, eta ondoren Munategiko industrialdera egin beharko dute joan-etorria bizikletan. Hasierako korrikako ibilbidea birritan egin beharko dute bi kilometroz; gero, bizikleta gainean 5,2 kilometro, eta amaitzeko, beste kilometro bat egin beharko dute korrika.
Parte hartzea sustatzeko asmoz, gainera, berrikuntza txiki batzuk egin dituzte antolatzaileek. Bi irteera egingo dituzte Balda plazatik. 18:30ean, irteera lehiakorra egingo dute, eta handik minutura, 18:31ean, irteera taldean. Azkoitri Triatloi Klubeko kide baten laguntzaz eta erritmo lasaian, ibilbidea taldean egiteko aukera eskainiko dute. Antolatzaileek gaineratu dute triatloi lizentzia dutenek ere parte hartu ahal izango dutela proban eta sailkapenean ere agertuko direla, baina ezingo dutela saririk jaso. Izen ematea zabalik dago dagoeneko eta bost euro ordaindu beharko da. Hala ere, egunean bertan dortsala hartzerakoan bost euroak itzuliko dira. Izena emateko azken eguna uztailak 19 izango da, eguerdiko 12:00ak arte.