SD Eibar taldeko lehendakaria den Amaia Gorostizak eta Fran Garagarzak gaur, 12:00etan, kontratu luzapenaren berri emateko prentsaurrekoa eskaini dute Ipuruan. Gorostiza lehendakariak azaldu du, «pixka bat berandu» iritsi dela kontratuaren berritzea, baina «hitz eginda eta adostuta» zutela, eta falta zen bakarra paperak sinatzea zela. Eibarren jarraituko duelako «pozik» daudela azaldu du lehendakariak.
Garagarzak zortzigarren denboraldia burutu du aurten SD Eibarko kirol zuzendari bezala. Garagarzak «eskerrak» eman dizkio Eibarri eta Gorostiza lehendakariari. «Oso pozik eta oso harro nago Eibarren jarraitzeagatik. Nire etxea da eta niretzako aukera onena Eibarren jarraitzea da», esan du Fran Garagarzak.