Iñaki Azkune historialariak Catalina de Erauso izan du hizpide

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 24a, 19:37

Iñaki Azkune eta Juan Bautista Mendizabal.

Antonio Oteiza Fundazioak hainbat ekitaldi antolatu ditu artistaren omenez, eta egitarau horren baitan, gaur, astelehena, Iñaki Azkune historialariak Catalina de Erausori buruzko hitzaldia eskaini du Etxebeltzen. Oteiza bera Etxebeltzen izan da saioa bertatik bertara jarraitzen. Juan Bautista Mendizabal arduratu da moderatzaile lanaz.

Oteiza XX. mendeko arte sakratuaren autore esanguratsuenetarikoa da. Azkoitiko herriarekin duen lotura estua tarteko, 2007an herrian kokatu ahal izan zen bere izena daraman fundazioa, eskultorearen obra babesteko eta bere balioak, gogoetak eta filosofia hedatzeko xedez. Oteizak berak onartu izan du bere espiritua «nomada den arren, oso hemengoa, oso azkoitiarra» sentitzen duela bere burua. Horregatik guztiagatik, Antonio Oteiza Fundazioak hainbat ekitaldi antolatu ditu ekainaren 20tik 30era.

 

Bisita gidatua

Egitarauko azken ekintza ekainaren 30eko bisita gidatua izango da. Igandean, eguerdiko 12:00etan izango da Azkoitia eta Oteizatarrak bisita. Parte hartu nahi dutenek Balda plazan dute irteera puntua.

 

Antonio Oteizaren erakusketa

Erakusketa Etxebeltzen dago ikusgai ekainaren 30era arte. Bertan, alde batetik, Antonio abenturazalearen mapak, idatziak, liburuak eta argazkiak daude ikusgai, eta bestetik, bere artelanak, esaterako, Catalina de Erausori eskainitako margolanak, eta bestelako eskulturak.

Erakusketa astelehenetik igandera bitartean 18:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da. Larunbat eta igandetan goiz eta arratsalde egongo da zabalik. Goizez 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide