Hurrengo lau urteetarako udaletxe «irekia, demokratikoagoa eta parte hartzailea» osatzeko aukera dagoela azaldu du EH Bilduk. Eta bidez batez, «akordio zabal eta transbertsalak» egiteko aukera emango dien legealdia izatea nahi dutela gaineratu du. «Batzordeetan eta udal bilkuretan politikaz hitz egingo den legealdi bat behar dugu eta ez inposizioa ekarriko duen akordioa».
Herritar guztiak kontuan hartuko dituen udaletxe ireki bat osatzeko mezua helarazi dutela hauteskundeek uste du EH Bilduk. «Herritarroi kezkatzen gaituzten gaien inguruan akordio zabalak osatzeko garaia da; indarkeria matxistari aurre egiteko, pentsio duinak bermatzeko, Floreaga, San Martin eta beste auzokideen irisgarritasun arazoak konpontzeko, elkargunearen inguruan aurrera begira zer egingo dugun herritarrok erabakitzeko aukera bermatuko digun udal irekia behar dugu».
Udal Gobernu «ireki eta zabala» osatzearen aldeko deia egin du, «akordio zabaletan oinarrituko den legealdia izan dadin». Datozen lau urteetan elkarrizketetara irekiak eta herria hobetzeko borondatea duen orok EH Bildu bidean izango dutela jakinarazi dute. Horregatik, Azkoitia Bai, PSE-EE eta EAJrekin hitz egiten jarraitzeko prest daudela azaldu dute.
Bukatzeko, bihar, ekainak 15, goizeko 10:00etan Azkoitiko udaletxean izango den udal osaketara joateko gonbita luzatu die herritarrei.