900 ikasle baino gehiago, XXXVII. Ikaskirol Krossean

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 7a, 19:30

Txikienak, iaz, irteera lerroan.

Datorren igandean, ekainak 9, XXXVII. Ikaskirol Krosa egingo dute Azkoitian. 10:30ean abiatuko dira parte hartzaile txikienak, eta 11:55ean izango da azken lasterketaren irteera ordua. Aurtengoa «jarduera inklusiboa» izango dela aurreratu dute antolatzaileek, eta «aniztasun funtzionala duten umeak ongietorriak» izango direla azpimarratu dute.

Azpeitiko eta Azkoitiko ikastetxe ezberdinetako hainbat ikaslek parte hartuko du igandean, ekainak 9, egingo duten XXXVII. Ikaskirol Krosean. H05etik DBH2era bitarteko 900 ume inguruk parte hartuko dute lasterketan. «Jarduera inklusiboa» izango dela aurreratu dute, eta «aniztasun funtzionala duten umeak ongietorriak» izango direla. Lasterketa guztiak, gainera, mistoak izango dira.

HH4ko neska-mutilen lasterketarekin hasiko da 37. edizioko lasterketa. 10:30ean, Beti Poz elkartearen parean hasiko dute lasterketa HH4ko ikasleek, eta 10:45ean HH5eko ikasleek; 400 metro egin beharko dituzte korrikalari txikienek. Gainerako maila guztietako ikasleak —LH1, LH2, LH3, LH4, LH5, LH6, DBH 1 eta DBH2— Plazaberriko irteera lerrotik abiatuko dira. LH1eko ikasleen lasterketa 10:55ean hasiko da eta LH2koena 11:05ean; bi maila horietako neska-mutilek 550 metroko itzuli bat emango dute.

LH3koak 11:15ean irtengo dira, eta LH4koak 11:25ean. Bi maila horietako ikasleek 1.100 metro egin beharko dituzte. LH5 eta LH6 mailetako gaztetxoak, berriz, 11:35ean eta 11:45ean abiatuko dira, hurrenez hurren. Horiek 1.500 metroko lasterketa egin beharko dute. Irteera lerrotik abiatzen azkenak DBH1 eta DBH2 mailatako ikasleak izango dira. 11:55ean hasiko da horien lasterketa eta bi kilometroko proba burutu beharko dute. 12:30ean oparien zozketa egingo dute eta amaitzeko sari banaketa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide