Udala osatzeko ordua

Maxixatzen.eus 2019ko maiatzaren 26a

Azkoitiko Udalerako alkategaiak.

Gaur, maiatzak 26, udal, foru eta Europako hauteskundeak ospatuko dira. Gurera, Azkoitira, etorrita, bost hautagai eta horien zerrenden artean egin beharko dute hautua azkoitiarrek: EAJ, EH Bildu, Azkoitia Bai, PSE-EE eta PP.

09:00etan, ireki berri dituzte hauteslekuak. Xabier Munibe Ikastolan, Torre Zuri erakustokian, Elkargunean eta Aizkibel liburutegian izango dira Azkoitiko hauteslekuak irekita, 20:00etara arte. Egun Udalean ordezkaritza duten lau udal taldek aurkeztu dituzte hautagaitzak: EAJ, EH Bildu, Azkoitia Bai eta PSE-EE. Ordezkaritza ez duen alderdi batek ere aurkeztu du bere hautagaitza: PP.

Javier Zubizarreta (EAJ), Ainara Goenaga (EH Bildu), Jose Joakin Etxaniz (Azkoitia Bai), Janire Igoa (PSE-EE) eta Jose Antonio Bermudez (PP) dira Azkoitiko Udalerako alkategaiak. Horietako bat izango da 2019-2023 legealdiko alkatea, horien eta euren zerrendakideen artean aukeratu beharko dute azkoitiarrek.

10:15etik 10:30era bitartean Xabier Munibe Ikastolan emango du botoa Javier Zubizarreta EAJren alkategaiak. Bozkatzen bigarrena Ainara Goenaga EH Bilduren alkategaia izango da. 11:00etan,Torre Zurin emango du botoa koalizio abertzalearen alkategaiak. Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Baiko alkategaiak 11:15ean emango du botoa, horrek ere Torre Zurin. Janire Igoa PSE-EEko alkategaiak ere Torre Zurin emango du botoa, 11:30ean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide