Kirol arlorako duen proposamena aurkeztu du EH Bilduk

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 21a, 12:47

Goenaga, Ostolaza eta Beristain. (Argazkiak: Maxixatzen)

Azkoitiko EH Bilduk Elkargunerako duen proposamena aurkeztu zuen atzo, astelehena, Elkarguneko Oteiza aretoan. Iñaki Ostolaza Zumaiako EH Bilduren alkategaiak Zumaian duela zortzi kiroldegiaren publifikazioan egindako eredua aurkeztu zuen, eta ondoren, Ainara Goenaga Azkoitiko EH Bilduren alkategaiak Azkoitira nola ekarri nahi duten zehaztu zuen.

Goenaga EH Bilduren alkategaiak azaldu zuen duela zortzi urte EH Bilduk kiroletako talde desberdinei inkestak egin zizkietela, «diagnostiko bat ateratzeko eta taldeak nola zeuden jakiteko eta euren beharrak ikusteko». Diagnostiko horren arabera eta kirol taldeekin izandako harremanaren bidez «kirol taldeen artean ez dagoela harremanik eta komunikaziorik» ohartu dira: «Talde bakoitza bere erara joaten da, bere diru laguntzak ditu eta bere ekintzak egiten ditu. Mahai edo egitura baten beharra dago. Kirol mahaia sortuta, mahai horrek kudeatuko lituzteke kirol taldeak: urteko kirol egutegia nola egin, herrian egin daitezkeen ekintzak antolatu edota edozein kirol mahai horretatik sustatuko litzateke», aurreratu zuen EH Bilduko alkategaiak.

EH Bilduk Elkargunearen kudeaketa publikoa izatea nahi du: «Elkargunearen kontratua 2019an amaitzen da. EH Bildu beti izan da kudeaketa publikoaren aldekoa eta Elkarguneari kudeaketa publikoa emateko garaia da», azaldu zuten. Horrez gain, kirol patronatu bat sortzeko asmoa duela azaldu zuen koalizioak. «Patronatuan gerente bat jarriko litzateke lanpostu publiko bat aterata. Bestalde, gure asmoa da Elkargunean dauden langileak mantentzea. Kontratu mota desberdinak egingo genituzke sindikatuekin eta langileekin hitz eginda, baina lan-hitzarmenean egongo dira. Langileak ez dira orain baino egoera kaskarragoan geldituko», nabarmendu zuen Goenagak.

Kudeaketa publikoa izanda, BEZa ez dela kobratzen ere aurreratu zuen EH Bilduren alkategaiak. «Nahiz eta sarrera berdinak izan, jendearentzako kuotak merkeagoak izan daitezke, eta hori aldea da herritarrentzat», gaineratu zuen. Udalak baditu, besteak beste, dietista, masajista eta esfortzu probak egiten dituzten enpresekin hitzarmenak. Azaldu zuten «horrelako hitzarmenak oso interesgarriak» iruditzen zaizkiela.

Elkarguneko Oteiza aretoa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide