Unai Izagirre Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkatu da

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 20a, 12:35

Unai Izagirre Erniarraitzeko bertsolaria. (Argazkia: Maxixatzen)

Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kideek jokatu dituzte Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako atariko saioak. Joseba Andoni Agirre, Unai Izagirre eta Julene Iturbek parte hartu dute sailkapen faseko probetan, eta Izagirrek txapelketarako sailkapena lortu du.

Jokatu dituzte bertsolari azkoitiarrek Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako atariko probak. Joseba Andoni Agirre, Unai Izagirre eta Julene Iturbe aritu dira sailkapen faseko bertso saioetan, eta Unai Izagirrek lortu du txapelketan sartzea. Izagirrek 316 puntu lortu ditu, eta A multzoko atariko saio baten faltan, bederatzigarrena da sailkapenean.

Joseba Andoni Agirre izan zen sailkapen fasean aritu zen lehen bertsolari azkoitiarra. Maiatzaren 5ean, Orioko Kultur Etxean izandako saioan parte hartu zuen Agirrek, eta 255,5 puntu batu zituen —35. B multzoko sailkapen orokorrean—. Lehiatzen bigarrena Unai Izagirre izan da. Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean aritu zen Izagirre, maiatzaren 11n. Julene Iturberen txanda, berriz, joan den zapatuan izan zen, Aretxabaletako Zaraia Aretoan. 266,5 puntu batu zituen Iturbek —34. B multzoko sailkapen orokorrean—.

84 bertsolarik parte hartuko dute guztira sailkapen fasean. Bi multzotan banatuta aritu dira eta multzo bakoitzean sei saio jokatu dituzte, bakarraren faltan. Multzo bakoitzeko 17 bertsolarik eskuratuko dute irailean hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartzeko txartela. 34 bertsolari horiei dagoeneko sailkatuta dauden 14 bertsolariak batuko zaizkie. Datorren asteburuan jokatuko dituzten bi saioekin bukatuko da txapelketaren atarikoa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide