Anaitasuna Kakute Xake Taldeak bi txapelketa aurkeztu ditu, festa giroan

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 3a, 20:40

Argazkian, herriko hainbat xake jokalari, zuzendaritzako kideak eta Angel Martin Udaleko Kirol zinegotzia. (Argazkiak: Maxixatzen).

Azkoitiko xakelariek Preferente Mailara igotzea lortu berri dute taldearen 40. urteurrenean. Gaur, garaikurra eskuetan, datozen hilabeteetan jokatuko dituzten txapelketen berri eman dute. Gaur-gaurkoz 25 lagun inguruk osatzen dute Anaitasuna Kakute Xake Taldea.

Taldearentzat une berezia den honetan aurkeztu nahi izan dituzte herrian jokatuko dituzten bi txapelketa. Horretarako, Kultur Etxean elkartu dira herriko hainbat xake jokalari, zuzendaritzako kideak eta Angel Martin Udaleko Kirol zinegotzia.

Alde batetik, Kutxa Fundazioaren #izanezberdin Gaztedi Finala jokatuko dute. Maiatzean hasiko da txapelketa, eta ekainaren 16an jokatuko da finala Gurea pilotalekuan, 10:00etan. Finala bi kategoriatan banatuko da: Handiak —zortzi eta hamasei talde bitartean izango dira, izen-ematearen arabera— eta Txikiak —hamasei talde—. Talde bakoitza lau jokalarik eta bi ordezkok osatzen dute.

Bestetik, XXXVII. Azkoitia Hiribildua txapelketa antolatzen ari dira. Lau jokalariko hemezortzi talderekin arituko dira, bost minutuko partida azkarretan. Urtero bete egiten da Kontzejupe pilotalekua, eta omenaldia egiten diote bertan Joxe Azkue taldeko kide apartari. Ekainaren 30ean jokatuko da txapelketa hori, 10:00etan. Bertan, gainera, Anaitasuna Kakute Xake Taldeko hiru taldek parte hartuko dute. Eta haiekin batera talde hauek lehiatuko dira: Fomento, Barakaldo, Zornotza, Hondarribi, Zaldi Baltza, Santurtzi, Zuri Baltza, Martintxo, Abadiño, Easo/Gros, Zubi Ondo, Villabona, Xaputarrak, Elkano eta Emakume Xakelariak. Mikel Almansa ariko da epaile lanetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide