Elkartruke programan hartu dute parte eta aurretik Azkoitia BHIko ikasleek izan zuten Italiara bidaiatzeko aukera. Istituto Femminile Don Bosco delle Figlie di Maria Ausiliatrice zentrokoak dira Azkoitira etorritako gazteak eta italiarrez hartu ditu alkateak, hitz gutxi batzuen ostean gaztelerara pasa den arren, espainiera ulertzen baitzuten ikasleek.
«Zortea duzue —esan die alkateak—. Gauza guztiak aldatzen doaz eta Erasmus programa hezkuntza alorrean egin den onenetarikoa da. Bidaiatzeak, esperientzia eta ezagutza partekatzeak, ikuspegia zabaltzen eta aberasten du. Aprobetxatu aukerak. Gazteak zarete, eta sinetsi iezadazue, bizitzak begien kliska bat baino ez du irauten», adierazi die. Udalaren ilustrazio bat entregatu dio alkateak taldearen ordezkariari.
Araitz Etxaniz soinu jotzaileak trikiti soinuekin egin dio harrera taldeari eta dantzara ere animatu da zenbait. Aurreko ostegunean iritsi ziren Amsterdam-etik barrena eta bihar bueltatuko dira etxera. «Bidaia eta toki honek oroitzapen gozoak utziko dizkizuela espero dut», gaineratu die alkateak.