Omenaldia egingo diote zapatuan Goenatxo II.ari

Maxixatzen.eus 2019ko api. 4a, 10:20

Goenatxo II.a, harria jasotzen. (Argazkia: M. Zengotita)

Etzi, zapatua, Azkoitiak eman duen harri-jasotzailerik handienetako bat omenduko dute. Juan Jose Unanue 'Goenatxo II.a'-k egun berezia biziko du egun guztian zehar. Goizean, harri-jasotzaile azkoitiarraren biografia liburua aurkeztuko dute, eta arratsaldean, omenaldia egingo diote Gurea pilotalekuan.

'Goenatxo II. Gehiena eta Gorena' izenburupean, Juan Jose Unanue 'Goenatxo II.a'-ren biografia liburua aurkeztuko dute zapatuan, udaletxean. Alvaro Bermejok idatzitako Goenatxo II. Gehiena eta Gorena izenburua duen biografia liburua aurkeztuko dute Azkoitiko Udalean, 12:00etan. Alvaro Bermejok idatzi du liburua, baina Joxemi Saizarrek egin du itzulpena. Argazkiez eta diseinuaz, berriz, Joseba Urretabizkaia arduratu da.

Xibarit argitaletxeak Jentilak bildumaren baitan argitaratzen duen seigarren liburua da Goenatxorena. Patxi Astibia, Arria II.ena, Miguel Mindegia, Atano X.a eta Agustin Ostolaza kirolarien biografiek osatzen zuten orain arte Jentilak bilduma, eta Azkoitiko harri-jasotzaile ohiarena zerrenda mardultzera dator. «Kalitatezko liburua da, testuz eta argazkiz dotore hornitua. Zenbakitutako edizioa izango da eta 500 aletara mugatua», argitu dute.

Arratsaldean omenaldia Gurean

Arratsaldean, berriz, herri-kirol munduaren omenaldia jasoko du Juan Jose Unanue 'Goenatxo II.a' Azkoitiko harri-jasotzaile ohiak. Gurea pilotalekuan omenduko dute, 18:00etan, eta harri-jasotzaileen eta aizkolarien arteko norgehiagoka jokatuko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide