21. Korrika

Ane Arrizabalaga: «Euskararekiko konpromisoa hartzeko garaia da»

Maxixatzen.eus 2019ko api. 10a, 09:08

Ane Arrizabalaga, Korrikako arduraduna. (Argazkia: Maxixatzen)

Ane Arrizabalaga Andreu (Azkoitia, 1994) Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako Korrikaren koordinatzailea da. Egun gutxi barru iritsiko da 21. Korrika eskualdera, apirilaren 12an, eta Maxixatzenek prestaketa eta antolaketa lanen berri izan du Arrizabalagaren eskutik.

Zein zeregin bete behar ditu koordinatzaile batek Korrikan?

Korrika antolatzea eta hori ondo ateratzea, kilometroak saldu eta banatzea, Korrika laguntzaileak lortzea, materiala saltzea, Korrika Kulturala prestatzea eta horien aurkezpena prestatzea. Korrika Txikiaren antolakuntzaren gainean egotea ere nire zereginetako bat da, eta, garrantzitsuena, Korrika eskualdetik pasatzen denerako guztia prest edukitzea.

Nolakoa da antolakuntza lana?

Zorionez, jende asko inplikatzen da. Nik aurtengo egoeraz hitz egin dezaket. Nire lankideak azkoitiarrak, azpeitiarrak eta zestoarrak dira, eta asko lagundu didate herri bakoitzeko Korrika antolatzen eta horri bultzada ematen. Nire lankideez gain, bestelako jendea ere inplikatu da. Korrika Txikia prestatzeko, esaterako, eskolen laguntza handia izan da. Horrez gain, banako batzuei ere oso eskertuta nago, asko lagundu baitidate Korrikaren antolakuntzan.

Zer egin behar duzu Korrika Azkoititik pasatzean?

Nik, koordinatzaile bezala, Korrikaren aurretik doan autoan joan behar dut. Azkarateko zubitik hasi eta Zumaiako Narrondo auzora arte, ibilbidea markatzen arituko naiz kotxean. Ezingo dut korrikarik egin, baina esango nuke zirrara berbera sentituko dudala. Korrika guztia nire atzetik joango da, eta egin dugun lanaren fruitua ikusiko dut.

Korrikak Azkoitian arrakasta duela uste duzu?

Baietz esango nuke. Herri euskalduna gara, eta euskararen alde lan egiteko indarra ateratzen dugu. Kilometroak saltzeko garaian ere ikusi da, herriko hainbat taldek parte hartu baitute. Aurtengoa oraindik ez da pasatu, baina aurreko urteetako Korrikan zirrara handia sentitu ahal izan da.

 

«Euskararen alde lanean hasteko aukera aproposa da Korrika»

 

Azkoitia euskalduna bai, baina erantzuten al die euskararen aldeko ekintzei?

Bai. Hala ere, egia da arnasguneetan ez zaiela ekintza horiei horrenbesteko garrantzirik ematen. Oso euskaldunak ez diren eskualdeetan mobilizazio ikaragarria izaten da horrelako ekintzekin, baina gure herrian ez dugu behar hori nabaritzen. Azkoitian euskaraz bizitzeko aukera daukagu, eta hori da Korrikaren helburu nagusia.

Korrika Kulturala ere egin da. Zein ikuskizun eta ekintza izan dira aurten?

Azkoitian, martxoaren 17an Xoxotera mendi irteera egin zen. Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan egin zen, Hiru herri, helmuga bat lelopean. Ondoren, koreografia lehiaketa ere martxan jarri zen. Herriko hamaika taldek eman zuten izena, eta Korrikako edozein abestirekin koreografia bat asmatu behar izan zuten. Anaitasuna futbol taldeak ere parte hartu zuen. Martxoaren 24an, Deusto Donostia taldearen aurkako partidan Korrika Txikia egin zuten, eta mezua irakurri. Laburbiraren emanaldian, berriz, Korrikako aurtengo dokumentala bota da. Diego Garciaren Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian, azkenik, saria eman genion Korrikako petoa jantzita helmugara iritsi zen lehenari.

Zein dira Korrikan parte hartzeko moduak?

Korrika laguna izatea, Korrika laguntzaile izatea, egunean bertan parte hartzea, Korrika Kulturaleko ekintzetan parte hartzea, arropa erostea, batzordekide izatea, kilometroa erostea, kartelak jartzen laguntzea… Modu asko daude Korrikari laguntzeko eta Korrikan parte hartzeko.

Nola gogoratzen duzu zure lehen Korrika?

5 urte nituela, aitarekin eta haren lagun batekin atera nintzen, bien erdian eskutik helduta. Iluntzea zen, eta jendez gainezka zegoen herria. Badut argazki bat, eta argazkian dudan aurpegiagatik esango nuke oso gustura nindoala.

Ordutik, zertan aldatu da Korrika?

Kanpotik ikusteko, duela urte batzuetako Korrika eta oraingoa berdina direla esango nuke. Indar berbera sortzen du, zirrara berbera sortzen du; Korrikak Euskal Herria bat egitea lortzen du. Barrutik edukiko ditu desberdintasunak, eta antolakuntza aldetik ere aldatuko zen, seguru, baina nik horren baieztapenik ezin dut egin, Korrikaren arduraduna lehenengo aldiz aurten bainaiz.

Azkoitian hainbat taldek, eragilek zein norbanakok eman dute izena. Nolako balorazioa egiten duzue?

Ona. Oro har, eskualde osoko balorazioa izan da ona, kilometro ia gehienak bete baitira. Gainera, mota askotako taldeek erosi dute kilometroa. Aniztasuna nabaritu da, eta polita da jende desberdin asko helburu berberaren alde lanean ikustea.

Zenbat pertsona dabiltza antolakuntzan Azkoitian?

Azkoitian herri batzordea dugu, eta hainbat lagunek parte hartzen dugu: besteak beste, AEK-ko Azkoitiko irakasleek, nik –Korrikako arduradun bezala–, eskolek, guraso elkarteek, Maxixatzenek, Hitzak eta Anaitasunak. Parte hartu nahi luketen herritar guztiek dauzkate herri batzordeko ateak irekita. Egia esan, Azkoitian talde handia daukagu Korrikaren alde lanean, eta horrek gauzak ondo ateratzen laguntzen du. Beti etortzen da ondo jendeak laguntzea. Lehen aipatu bezala, Zestoan eta Azpeitian ere laguntzaile bikainak ditut, eta horrek lana asko arintzen eta errazten du.

 

«Polita da euskararen alde lan egitea, zeure sustraien alde lanean ari zarelako»

 

'Klika' da aurtengo leloa. Zein da euskararen eta euskaldunen indargunea?

Hautua, euskara aukeratzea, klika egitea; hori da gure indargunea. Hautua da euskara ikastea, inplikatzea, euskara erabiltzea, jauzi egitea. Euskaldunok euskaraz ahalduntzea da gure indargunea. Korrika honetan garbi azaltzen den bezala, euskararekiko konpromisoa hartzeko garaia da.

Txikiegi sentitzen al gara euskaldunok?

Munduaren aurrean bai. Korrika, Euskaraldia, Euskararen Nazioarteko Eguna eta horrelako ekitaldiak daudenean, autoestimua igotzen zaigu, eta hori energia txutea da euskaldunontzat. Energia txutea da, indarra dugula sentitzen dugulako, eta, agian, ekitaldi horiek martxan ez daudenean txiki sentitzen garelako. Halere, argi ikusten da indarra badugula eta euskararen alde lan egin behar denean txikitasun sentimendua guztiz ahaztu eta albo batera uzten dugula.

Euskal Herrian, ezagutza asko handitu da, baina erabilera ez. Non dago hutsunea?

Agian, ditugun ereduak edota transmisioak ez dira euskaldunak. Orain sare sozialen garaian gaude, eta hor gaztelaniak hartzen du indarra. Gazte askok sare sozialetan aurkitzen dituzte beren ereduak, eta horrek gaztelerara jotzeko aukera handitzen du. Gure hutsunea ingurukoen eragina da: kanpo eragin handia dago, eta ikusten duguna ikasten dugu. Hala ere, orain euskarazko telesail garrantzitsuak atera dira, eta ume gehienek ikusten dituzte. On handia egiten ari dira, eragin handia baitute umeengan.

Kanpo eraginek horrenbeste eragiten badigute, Euskaraldia bezalako ekimenak beharrezkoak izango dira aurrerantzean ere. Euskararen eguna aldarrikatzea, Euskaraldia martxan jartzea eta Korrika egin behar izatea ez dira berri onak. Aldarrikapenak egiten dira zerbait ondo ez dagoenean; beraz, euskararen eguna ospatzen da euskararen erabilera behar den lekuan ez dagoelako. Euskararen erabilerak ez badu gora egiten, aldarrikapen horien beharrean jarraituko dugu.

Zer esango zenieke lehen hitza euskaraz egiteko lotsa duten azkoitiarrei?

Egiteko, gaizki bada ere egiteko. Gustura entzungo dugula euskaldunok, eta zerbait bada lagunduko diegula eta esango diegula nola esan behar den modu egokian. Euskara egiteko esfortzua asko baloratzen dugu euskaldun zaharrek.

Eta zer esango zenieke Korrika egitera animatu ez baina euskara maite dutenei?

Animatzeko, behar ditugula eta euskarak behar dituela. Festa giroa egoten da, eta inor ez da damutzen Korrikan ateratzeaz. Euskararen alde lanean hasteko aukera aproposa da Korrika.

Noiz sentitu zenuen euskararen alde lan egiteko beharra?

Oso polita da euskararen alde lan egitea, zeure sustraien alde ari zarelako lanean. Modu batean edo bestean, ederra izan da egin ditudan lan guztiak euskaraz egitea. Maila txikiago batean bada ere, euskararen alde lan egitea iruditzen zait nire lankideen zein unibertsitateko gelakideen artean euskararen erabilera sustatzea. Ondoren etorri zitzaidan modu profesionalago batean lan egiteko aukera, eta ez nuen zalantzarik egin.

Noiz eta non ematen dizu amorru handiena lehen hitza gaztelaniaz egiteak?

Orain arte jendearen aurrean lan egitea tokatu zait Azkoitian. Jendea etorri, eta ni ez ezagutzeagatik, lehen hitza gaztelaniaz egin izan didate, eta horrek eman izan dit amorrurik handiena. Azkoitian egonda lehen hitza gaztelaniaz egiteak eman dit amorrua.

Euskarazko hitz kuttunik?

Tximeleta eta eguzki lorea.

 

Apirileko Maxixatzen aldizkarirako egindako elkarrizketa.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide