Ertzaintzak Maxixatzeni jakinarazitakoaren arabera, argi instalazio batek su hartu zuen atzo, zapatua, Bizkargi plazako garajeetan, eta alboan zen auto bat kiskali zen sutean. Suhiltzaileak berehala joan ziren sua itzaltzera eta jarraian lurpeko aparkalekutik kea ateratzeko lanak hasi zituzten. Gaur goizean, kerik gabe, garajeetara sartu dira ikuskatzera Ertzaintza eta auzitegi medikuak, eta kiskalitako autoaren barruan 57 urteko emakume baten gorpua aurkitu dute erreta. Ikerketa jarri dute abian, haren heriotza nola gertatu den eta zein den ikertzeko.
Bilera, arratsaldean
Javier Zubizarreta alkateak gaur arratsaldeko 16:00etarako bilerara deitu ditu bizilagunak. Udaletxean izango da bilera eta bizilagunak informatzea du helburu. Jasandako kalteen harira, eman beharreko urratsen berri emango dute Udalean. Gainera, ibilgailuak garbitzeko gune bat ere egokituko dutela jakinarazi dute, eta guztiaren berri emango zaie kaltetuei.
Udalak doluminak helarazi dizkie biktimaren senide eta hurbilekoei.