Euskal pilota egokituko kanporaketak jokatu dira Gurean

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 23a, 12:36

Gaur, martxoak 23, jokatu dira Euskal Pilota Egokituko II. Master Cup Txapelketako lehen kanporaketak Gurea pilotalekuan.

Euskal Pilota Egokitutako II. Master Cup Txapelketan adimen urritasuna eta urritasun fisikoa duten pertsonek parte hartzen dute. Guztira, hamahiru pilotari lehiatu dira gaur jokatutako kanporaketetan, bi multzotan banatuta. Hamahiru horietatik lau emakumezkoak dira. Goizeko saioa 11:00etan hasi da eta arratsaldean, 16:30ean hasita, jarraipena izango du kanporaketak. 

Gurpildun aulkien mailan hamazazpi dira izena eman dutenak, Gipuzkoatik, Nafarroatik, Bizkaitik, Ipar Euskal Herritik eta Frantziatik etorritakoak. Gurpildun aulkietan ez da emakumezkorik izango.

Adimen urritasuna duten kirolarien artean, Iraitz Huegun izan da iaz finala jokatu zuten pilotarien artean aurtengo finalerako sailkapena lortu duen bakarra. Sheila Cueto lagun duela, iaz lortutako txapela berriro eskuratzen saiatuko da. Leire Esnal eta Eneko Sagarmendi izango dira haien aurkariak.

Arratsaldez, ezgaitasun fiskoa duten kirolarien txanda izan da, eta nabarmentzekoak dira parte hartzaileen artean Juanjo Rodriguez, Espainiako aulkiko tenis txapelduna, Frantziako ordezkariak eta Gorka Alvarez, Gipuzkoako kirol egokitutako Bidaideak eskolako irakaslea. Kutsu inklusiboa eman dio ekimenari, inolako lesiorik izan gabe parte hartu duelako. Hori bai, Javier Etxezarreta eta Beñat Lizasok erakutsi dute astero pilotalekuan egiten dituzten entrenamenduak ez direla alferrikakoak, eta, iaz bezala, finalean arituko dira. Asier Navarias izango da Javier Etxezarretaren bikotea eta Joseba Lasa izango du aldamenean Beñat Lizasok.

ETB1ek lehen aldiz zuzenean eskainiko ditu apirilaren 7an, 12:00etan, Beasainen jokatuko diren finalak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide