Azkoitia Lagunkoiak hainbat proposamen biltzen dituen diagnostikoa aurkeztu du

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 2a, 09:18

Azkoitia Lagunkoia ekimenean parte hartu duten herritarrak.

Azkoitia Lagunkoia ekimenak Azkoitian egin duen diagnostikoaren emaitzak partekatu ditu herritarrekin hainbat proposamen mahaigaineratuz, herritar guztiak eta, bereziki, adin nagusiko pertsonak hobeto bizi daitezen.

Diagnosia egiteko hainbat informazio iturri erabili dituzte, baina garrantzitsuena herritarrei eginiko galdera sorta izan da, 589 emakumezkok eta gizonezkok hartu baitzuten parte. «Horrez gain, taldea aspalditik ari da lanean eta topaketak hilero egiten dituzte. Horren adierazgarri dira pertsona nagusientzat antolaturiko teknologia berrien edo emozioen inguruko tailerrak edota herriko establezimenduak lagunkoiak izateko gauzatutako kanpaina. Eta aurrera begira, lanean jarraitzeko asmoa du taldeak. Hori bai, parte hartu nahi duten guztiei dei egiten die ekimena irekia baita», azaldu du Udalak.

Aurrera begira, «ibilbide osasungarriak» jarri nahi dituzte martxan, etxebizitzaren inguruko hitzaldiak antolatu edota Ongizate sailak eskaintzen dituen zerbitzuak «hobeto ezagutarazi».

Diagnostikoa biltzen duen liburuxka eskuragarri dago udaletxeko harreran eta lotura honetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide