'Kuxkuxin'

'Kuxkuxin': Txerloia Tenis Kluba

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 22a, 07:00

'Kuxkuxin' atalerako bideo berri bat gehitu du Maxixatzenek. Oraingoan, Txerloia Tenis Kluba bisitatu du. Ondorengo bideoan tenis eskolaren nondik norakoak azaldu ditu Ainhoa Peña arduradunak.

Azkoitian 1988. urtean hiru tenis pista egin ziren, eta garai haietan ez zen ohikoa herri batean udal tenis-pistak izatea; tenisa aberatsen kirola zen, eta klubak normalean pribatuak ziren. Hasiera haietan sortu zen Anaitasuna Tenis Elkartea, eta gogor ekin zioten txapelketak eta ikastaroak antolatzeari, baina urte batzuk pasatu, eta taldea desegin egin zen. Bertako bi kidek jarraitu zuten lan horietan: Karmen Zendoiak, Txerloia Tenis Klubeko gaur egungo presidenteak, eta Ainhoa Peñak, tenis eskolako arduradunak. Herri mailako tenis txapelketak antolatzen jarraitu dute urte hauetan guztietan, eta 2008. urtean, udako ikastaroei jarraipena eman nahian, Azkoitiko Tenis Eskola sortzea erabaki zuten. Ikasle gutxi batzuekin hasi, eta gaur egun 200 ikasletik gora izatea lortu dute.

Tenis eskolako taldea hiru monitorez eta bi laguntzailez osatua dago. Taldeak bat egiten du helburuak lortzeko, eta ahal duen maila handiena ematen saiatzen da, errespetua eta tolerantzia sustatuz eta kirolaren bidez balioak irakatsiz, bereziki solidaritatea eta lagunartea. Gehientsuenak astean behin etortzen dira entrenatzera, eta gero beraien arteko txapelketak jokatzen dituzte. Teknifikazioa ere bada tenis eskola barruan lehiatu nahi duten gazteentzat; haiek astean bi edo hiru entrenamendu egiten dituzte. Urtean zehar, eskola kirolean ere egiten dira tenis saio batzuk.

Emakumeen kirola sustatzen du klubak, udako ikastaro bereziak antolatuz, urte osoan entrenamenduekin jarraipena emanez eta beraien artean jokatuko dituzten banakako eta binakako txapelketak antolatuz.

Azkoitiko Opena da txapelketa garrantzitsuena. 1990. urtean antolatu zen lehenengo aldiz; afizionatu mailan Gipuzkoako txapelketarik zaharrena da, eta ordutik hona ia urtero antolatzen da. Aurtengo denboraldian 27. opena izango da. Esan genezake Urola bailaran eta inguruetan erreferente bihurtu dela Azkoitia tenis munduan.

Urte hauetan guztietan egin dena txtenis.com webgunean azaltzen da: argazkiak, bideoak eta denetariko informazioa, tenis eskolako izen emateak, txapelketak, pisten erreserbak…

30 urte pasatu dira tenis pistak egin zirenetik; ordutik hona lan asko egin da isilean, eta orain ari dira horren emaitzak ikusten. Lan horrekin jarraitzeko behar-beharrezkoa da instalazioak hobetzea, eta tenis pista bat estali eta aldagelak jarriko ditu Udalak.

Beste kirolekin konparatuz, tenisak badu zailtasun handi bat: profesionala izaten saiatu nahi baduzu, gastuak izugarriak dira, eta mundu osoko jokalari gutxi batzuentzat bakarrik dago lekua hor goian. Baina nork daki; egunen batean, agian Azkoitiko Tenis Eskolatik Roland Garroserako bidea egin dezake norbaitek!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide