Film labur guztiak 2016 eta 2018 urteen artean egindakoak dira: maitasun istorioak, tentsio bizikoak, bi animaziozko lan, iraganeko kontakizunen bat, Behe Nafarroako istorio bat, majia, intriga eta umorea dira, besteak beste, aurtengoek dakartena.
Sortzaile gazteen lanak dira gehienak eta esperientzia luzeko zuzendarienak beste batzuk. Bederatzitik zazpi emakumeek zuzendutakoak dira. Guztiak uztartuta, ordubeteko proiekzioa osatu da; kalitatezkoa eta dibertigarria, euskarazko film laburren zaleei merezi duten gozatua emateko.
Martxoaren 20tik apirilaren 13ra, Laburbira giran ibiliko da euskarazko zinegintzaren dosi txiki eta freskoak zabalduz, 35 herritan: Bergara, Ermua, Usurbil, Berriozar, Areeta, Sestao, Hernani, Algorta, Dima, Areatza, Orkoien, Valladolid, Azkoitia, Paris, Eraso, Gasteiz, Larraintzar, Biasteri, Zuia, Iruña, Ordizia, London, Maeztu, Arespalditza, Mutriku, Arrasate, Etxebarri, Azpeitia, Oñati, Irun, Igorre, Soraluze, Zumaia, Mungia eta Valentzia.
Honako hauek dira XVI.edizio honetan ikusgai izango diren filmak:
- Begi ninien koreografia (Arrate Fernandez)
- Shell phone (Miren Mujika)
- Zapatak (Irati Murua)
- Ama (Josu Martinez)
- June (Arantza Ibarra)
- Hotzean garbitu (Maddi Barrenetxea- Marta Teijeira)
- Ilunpean (Iker Maguregi eta Andrea Martinez)
- Erroak (Ane Zuazubiskar)
- Handiak eta txikiak (Laida Ruiz)
Film guztien fotogramak, sinopsiak eta egileen informazioa, loturan.
Aurtengo emanaldien egutegia hemen duzue ikusgai.
Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Laburbira zirkuitu ibiltariak Euskal Herriko eta mugaz gaindiko aretoak bisitatuko ditu, 16.urtez, bi helbururekin: euskaraz aritzen diren sortzaileen film laburrak ezagutaraztea eta ikusleei ordu bete inguruko proiekzio entretenigarri batez gozaraztea.
Bestalde, Txilardegiren dokumentala ikusi ahal izango da Laburbirako laburmetraiekin batera.