Alderdi sozialistaren babesa jaso ondoren, Janire Igoak PSE-EEren hautagaitza aurkeztu du gaur, asteazkena, Intsausti Jauregian. Eneko Andueza Gipuzkoako Alderdi Sozialistaren idazkari nagusia izan du alboan alderdi sozialistaren hautagaiak aurkezpenean. «Azkoitiarrentzat lan egiteko gogoz nator. Azken bi urteetan jardun dut, baina azkoitiarrentzat lan egiten jarraitu nahi dut. Azkoitiarren beharrei erantzun eraginkorra eta fidagarria emateko prest nago, baita guztion bizi kalitatea hobetzeko ere», azaldu du PSE-EEren alkategaiak.
«Idiakez Ederra etxea babes ofizialeko 14 etxebizitzetara aldatzea bultzatu eta kudeatu dugu. Floreagako 14 etxebizitza sozial eta babes ofizialeko 16 eraikitzea babestu dugu, Floreagako lehen eta bigarren berrurbanizazio faseak egitea gehitu dugu 2019ko udal aurrekontuetan. Horrez gain, auzoko bizilagunek eskatutako igogailua berehala egitea da gure nahia. Halaber, Elkarguneko igerilekuak handitzea babestu dugu, eta Udal gobernuak liburutegian hizkuntzen autoikaskuntza egiteko diru partida onartzea lortu dugu», azaldu ditu Igoak egindakoen artean.
Igoak gaineratu du udaletxean egindako lana «neketsua» izan dela, «EAJk gehiengo absolutua» duelako. «Jeltzaleek gehiengoa erabiltzen dute PSE-EEk egindako proposamenak modu ulertezinean atzera botatzeko», adierazi du sozialistak. Herritarren ongizatea bermatzeko «oinarrizkoak» direla gaineratu du Igoak. Batetik, hilerrirako irisgarritasunaren proiektua «atzera bota» izana jarri du adibidetzat alderdi sozialistaren alkategaiak, eta, bestetik, aipatu ditu gazteei zuzendutako alokairurako laguntzak. «Zoritxarrez, EAJren gobernuak bi proposamenak martxan jartzea eragotzi zuen», esan du. Janire Igoak uste du gehiengo absolutua duen gobernuak «oreka» eman dezakeela, baina, bestalde, gomendatu du «akordio zabalagoak» behar direla «herriko sentsibilitate gehienak batzeko». Horregatik, datorren legealdian alderdi sozialistaren ordezkaritza «garrantzitsua» izango dela adierazi du.
Eneko Andueza Gipuzkoako Alderdi Sozialistaren idazkari nagusiak eskerrak eman dizkio Igoari «eman duen aurrerapausoagatik». «Gipuzkoako sozialistok zorte handia dugu. Ez da erraza leku batzuetan sozialista batek aurpegia ematea eta aurrerapauso hori ematea. Askoz ere zailagoa da Janire bezalako pertsona batek hori egitea», adierazi du sozialisten idazkariak. «Gure alkategaiak guztia du: emakumea da, gaztea da, euskalduna, eta gainera, lan egiteko gaitasun izugarria du. Ezin daiteke gehiago eskatu», arrazoitu du Anduezak. «Hartu nuen konpromisoetako bat izan zen lehen zaila edo pentsaezina zen herrietan alderdi sozialistak ordezkaritza handiagoa izatea. Oso garrantzitsua da herriarentzako proiektua, ideiak eta proposamenak izatea, herritarren bizi kalitatea hobetzeko. Janirek badu proiektu hori, baditu ideiak eta besteak beste ilusioa du», gehitu du Anduezak.
Andueza eta Igoa, Intsaustin.