Leire Martinek eta Eneritz Garatek Galdakaoko Elexalde pilotalekuan jokatu zuten txapelketako lehen kanporaketa fasea. Ainara Navarro eta Alaitz Artetxe lezamarrak izan zituzten aurkari lehen partidan, eta 18-6 irabazi zuten azkoitiarrek. Bigarren partidan, berriz, Ainara Berasaluze eta Izarne Elezkano bikotearen aurka neurtu zituzten indarrak, eta 18-2 nagusitu ziren Martin eta Garate. Hurrengo fasera sailkatu ziren azkoitiarrak Galdakaon lortutako garaipenei esker. Eneritz Garate Maria Garate azkoitiarra ordezkatzen aritu zen atzo, Galdakaon. Leire Martinek eta Maria Garatek osatzen dute bikote titularra, eta datorren kanporaketa fasea biek jokatuko dute.
Reyes Azkoitia eta Jasone Larrañaga bere alaba ere promozio mailako txapelketa ari dira jokatzen. Irati Usandizaga eta Nerea Uriarte oñatiarrak eta Ane Urkizu eta Lierni Gartziarena berastegiarrak izan zituzten aurkari, Usansoloko Unkina pilotalekuan. Lehen partida 18-17 irabazi zuten, baina bigarrenean 18-2 galdu zuten. Hala eta guztiz ere, hurrengo fasera sailkatzea lortu dute.