21. Korrika

Korrikaren Azkoitiko ibilbidea zehaztu dute

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 24a, 11:20

Korrikak Azkoitian egingo duen ibilbidea.

Apirilaren 12an, 08:59an iritsiko da Korrika Azkoitira, eta prestaketa lanak aurrera doaz. Herriko antolatzaileek zehaztu dute dagoeneko Azkoitian euskararen aldeko lasterketak egingo duen ibilbidea.

Azkoitira Elgoibartik iritsiko da Korrika, eta elgoibartarren eskutik Azkaraten jasoko dute azkoitiarrek lekukoa. Azkarate aldapan behera egingo dute herriko hainbat talde azkoitiarrek, eta herrigunera Floreaga aldetik iritsiko da. 08:59an, Baztarrikalde atzetik —Tekla— pasatuko da Korrika, eta Aizkibel kaletik inguratuko du Floreaga Ikastetxea. Jarraian, Zuazola kalera hartuko du bidea lasterketak, Xabier Munibe Ikastolaren albotik pasatuz. Auzmendik Bidetik jarraituko du aurrera, eta Xabier Munibe Haurreskola albotik Trino de Uria kalera sartuko da.

Trino de Uria kaletik, Ibai Ondo kalera bideratuko da Korrika, eta kalea zeharkatuko du eliz atarian dagoen biribilgunera iritsi arte. Biribilgunean Xabier Munibe kalera sartuko da lekukoa, Aizkibel liburutegi aldera, eta Julio Urkixo Etorbidera iritsiko da. Julio Urkixo Etorbideko zuzengunea egin eta Etxe-Zuri baserriaren alboan dagoen biribilgunera iritsiko da lasterketa, eta segidan Azpeitirako bidea hartuko du. Azkoitiak Munategin emango dio lekukoa Azpeitiari.

Kilometroak eskuragarri

Azkoitiko AEK-k jakinarazi du, 21. Korrikako kilometroak eros daitezkeela. Azkoitiak guztira 17 zati izango ditu aurtengo edizioko Korrikan. Kilometroa erosteko hiru bide zabaldu ditu Azkoitiko AEK-k: azkoitia@aek.eus helbide elektronikoan, eta 607 61 26 97 Whatsapp eta telefono zenbakian eta Azkoitiko AEK-ren egoitzan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide