Gipuzkoako landa garapenerako elkarteen federazioak, Landaolak, II. Landaola Sariak banatuko ditu hilaren 31n, ostegunean, Gipuzkoako landa garapeneko proiektuei aitortza egiteko asmoz. Lau ataletan banatuko dira aurtengo sariak. Erakunde publiko eta pribatuen hautagaien artean 11 proiektu daude eta Ibilbideari sariaz gain, aurtengo edizioan sari berri bat gehitu dute: Emakumeak Landa Eremuan saria.
Esku pribatuetan sustatutako proiektuen artean dago Itziarko Burugorri Ostatua. Bi azkoitiarrek jarri zuten martxan iaz Burugorri kooperatiba txikiaren Burugorri Ostatua, eta Landaola sarietarako hautatu dute. Besteak beste, arrazoi hauengatik aukeratu dute proiektua: «Itziartarren bizi kalitatea hobetzen duten oinarrizko zerbitzuak, azpiegiturak eta ekipamenduak garatu eta taberna martxan jartzeaz gain, eraikinean dauden zerbitzuen kudeaketa aurrera eramateagatik».
II. Landaola Sariak Itziarko Burugorri eraikinean (Mutxikarte kalea, 8) banatuko dituzte, 12:00etatik aurrera. Ondoren, Burugorri eraikin eraberritua bisitatu eta bertako ostatuan bazkalduko dute.