Ainara Goenaga izango da EH Bilduren alkategaia datozen udal hauteskundeetan

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 13a, 19:15

Ainara Goenaga EH Bilduren alkategaia.

Ainara Goenaga EH Bilduko zinegotzia izan da azken lau urteetan, eta orain alkategai izateko aurkeztu da.

Ainara Goenaga Andueza (Azkoitia, 1979) izango da Azkoitiko EH Bilduren hautagaia 2019ko udal hauteskundeetan. Goenaga izan da EH Bilduren alkategaia izateko aurkeztu den hautagai bakarra, eta gaur egin du koalizioak zerrendaburua berresteko eta aurkezteko ekitaldia, Elkargunean. EH Bilduko dozenaka kide izan ditu atzean hautagaiari babesa ematen. 2011-2013 urteetan alkate izan zen Pello Bastarrikaren, 2013-2015 urteetan alkate izandako Urrategi Alberdiren, eta Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatuaren babesa izan du Goenagaren hautagaitzak. «Aho batez» berretsi dute EH Bilduko kideek Ainara Goenagaren hautagaitza, eta Iraitz Otaño koalizioaren bozeramaileak aurkeztu du Goenaga. «Azkoitiko alkatetzan haize freskoa eta gaztea sartzeko garaia da, azken urte ilun hauen ondoren, eta horren ardura Ainara Goenaga Anduezak izango du», adierazi du bozeramaileak.

Ainara Goenaga urtebeteko eta zazpi urteko bi alaben ama da. Humanitate eta Enpresa Ikasketak egin zituen Mondragon Unibertsitatean, administrazio eta finantzetan goi mailako teknikaria da eta 2005etik Elgoibarko Gipuzkoako Urak-en du lanpostua. Bezeroen arreta zerbitzuan eta administrazioan egiten du lan. Azken legealdian lau urte egin ditu Goenagak Azkoitiko EH Bilduko zinegotzi moduan eta koalizioaren hautagai nagusia izango da 2019ko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetan.

«Gogoz eta ilusioz hartu dut ardura, baina baita errespetuarekin ere, erronka handia dugu aurrean», hasi da Ainara Goenaga EH Bilduren alkategaia. «Beste balore batzuetan oinarritutako proiektu herritarra eraiki nahi dugu: pertsona erdigunean izango duen Azkoitia», nabarmendu du Goenaga hautagaiak. Azkoitia «herri bizia» izatea nahi dutela jakinarazi du, eta «posible» dela esan du.

EH Bilduko kideak Elkargunean egin duten aurkezpenean.

«Elkarlana» eta «parte hartzea»

Herritarren partehartzea udal kudeaketara itzultzeko asmoa berretsi du Goenagak, eta azken urteetan herritarrek aurrera emandako hainbat ekimen desberdin izendatu ditu. Besteak beste, Marea Urdina, Herrikoloreak, Instalakuntza Duinak Orain, Martxoak 8ko mobilizazioak eta Floreagako bizilagunen ekimena aipatu ditu EH Bilduren alkategaiak. Elkarlanean gauzak «atera» egiten direla azpimarratu du, eta eurei ere «herritarren mailan egotea» egokitzen zaiela azaldu du. Azkoitian «aldaketa» emateko beharra ikusi du EH Bilduren hautagaiak ekitaldian, eta beste alderdiekin «elkarlana eta akordioak bilatzeko prest» agertu da.

«Udalean lan egiteko modua aldatuko dugu», adierazi du. Elkarteekin eta herritarrekin «elkarlana sustatzea» da koalizioaren asmoa, eta jakinarazi du «horien beharretara egokitutako politikak» gauzatuko dituztela. Horretan udaleko langileen esperientzia eta jakituria «oso baliagarria» izango dutela gehitu du. Herriko arazoekin «arduraz» jokatu nahi du Goenagak, eta «aukerak baliatuz irtenbidea» emango zaiela sinetsita agertu da ekitaldian. «Azken lau urte hauetan alde batera utzi diren gaiei behar duten garrantzia emango zaie: langabezia, etxebizitza arazoa, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, lehen sektorea, ingurumena, kulturen arteko aniztasuna, dendari txikiak, kultura eta kirola», azpimarratu ditu alkategaiak. Goenagak azaldu duenez, «ahaztuta» egon diren gaiak dira, eta bakoitzari «behar duen erantzuna» emango zaiela azaldu du. «Herriko erdigunea ez ezik, auzoei entzun eta horiekin hartu emanak indartuko ditugu», erantsi du segidan.«Herritarren onerako» udal gastuak «arduraz» erabiltzeko konpromisoa ere agertu du Goenaga alkategaiak. «Hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta denon herria eraikitzeko herritarren babesa ezinbestekoa izango da», azaldu du amaitu aurretik Ainara Goenaga EH Bilduren hautagai nagusiak.

Esker hitzak

Proiektua aurrera eramateko beregan «sinetsi dutenei eta babesa emandakoei» eskerrak eman dizkie Goenagak, eta izenez zerrendatu ditu. Urrategi Alberdi eta Pello Bastarrika alkate ohiak eta Josu Juaristi EH Bilduren Europarako hautagaia eskertu ditu Goenagak. Indarrean den legealdian taldekide izan dituen alderdi kideentzat ere esker hitzak izan ditu, «bidelagun» izan dituelako eta «izaten jarraituko dutelako», adierazi du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide