Igandean Gurean jokatuko den Emakume Master Cup lau eta erdiko txapelketa aurkeztu dute

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 4a, 17:25

Finala jokatuko duten lau pilotariak, Master Cupeko, Udaleko, Aldundiko eta Oteiza pilota eskolako ordezkariak, babesle nagusiarekin batera.

Eskuz Banakako Lau eta Erdiko Emakume Master Cup Txapelketa aurkeztu dute gaur goizean Oteizako pilotalekuan. Bertan izan dira Master Cupeko, Udaleko, Aldundiko eta Oteiza pilota eskolako ordezkariak, babesle nagusiarekin batera. Ekitaldian lau pilotariak banan-banan aurkeztu dituzte.

Igande honetan, abenduak 9, Gurea pilotalekuan 12:00etan hasiko dira finalak jokatzen. Aurtengoa txapelketa horren bigarren edizioa da; iaz Sopelan jokatu zituzten finalak. Aurkezpenerako bideo promozional bat sortu dute finaleko lau pilotarirekin, eta bideo hori ikusi ondoren, protagonistak aurkeztu dituzte.

Lehendabizi, Promozio Mailako bi pilotarien aurkezpenak egin dituzte. Alde batetik, Oihana Orbegozo azpeitiarra lehiatuko da. Elastiko gorriarekin jokatuko du, Eibarren jokatutako eskuz binakako finalean azpi txapeldun geratu zelako. Amaia Aldai dimatarra (Bizkaia) da bere aurkaria. Kanporaketa guztiak irabazita iritsi da finalera. Aurten aurreneko aldiz parte hartu du, eta finalera sailkatzea lortu du. Gogoratu, 22 tantora jokatuko dutela igandean, nahiz eta txapelketan zehar 18ra jokatzen aritu diren.

Ondoren, Lehen Mailako finala jokatuko duten bi pilotari ezagun aurkeztu dituzte. Patri Espinar usansolotarra (Bizkaia) da bata. Eskuz binakakoan azpi txapeldun gelditu zen. Haren aurka arituko da eskuz binakakoan txapeldun izan zen Olatz Arrizabalaga gernikarra (Bizkaia). Horiek ere 22 tantora jokatuko dute.

 

Protagonistek azaldu dutenez, «azken urteetan txapelketako maila igo» dela nabaritu dute, eta «gero eta zailagoa» dela finalera iristea. «Ilusio askorekin» daudela esan dute, «buruz buruzkoak garrantzia handia» duelako pilotarientzat.

Txapelketaren aurretik, pilota eskolako neskek partidak jokatuko dituzte, harrobia sustatzeko. Igandean Gurea pilotalekua betetzea da antolatzaileen helburua. Javier Zubizarreta alkateak esan du «pozgarria» dela horrelako final bat herrian izatea, Azkoitia pilota munduan herri erreferentea izanda.

 

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide