Markel Olano diputatu nagusia eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria bertan izan direla, 17 saridunek eta beraiekin batera etorri direnek (28 lagun guztira) lagundu egin dute Gipuzkoako Euskaraldiaren hamaikako bikoitza osatzen.
"Abbadia sariaren historian lehenengo aldia da, gainera, guztiak elkarrekin agertzen direna. Gehienak bertan, eta ez daudenak ordezkarien bidez, zoritxarrez", azpimarratu du Markel Olanok. Eta gaineratu du Foru Aldundia hasiera hasieratik izan dela Euskaraldiaren antolatzaileetako bat. Izan ere, "erakundeak-gizarte eragileak" elkarlanean jartzeko gure eskemarekin bat egiten du ekimenak, Foru Aldundiaren gobernu molde berriarekin, alegia.
Diputatu nagusiak gaineratu duenez, Euskaraldia bezalako ariketa linguistiko batek arrakasta izan dezan, beharrezkoa da euskara biziberritzeko norbanakoen, gizartearen eta Administrazioen arteko "ahaleginak batera joatea" eta elkarrekin "indar egitea". "Eta horren adibide ugari dugu, gaur, hemen, Abbadia saria jaso duten guztiekin, horiek guztiek izan duten euskaltzaletasuna saritu du Foru Aldundiak urtez urte eta eredu bikaina dira aurrera egiteko gure asmoekin".
Garbiñe Mendizabalek, bere aldetik, nabarmendu du gaurko ekimena "aukera egokia" dela "keinu bat" egiteko Gipuzkoako herri-erakundeetan eta Foru Aldundian bertan, "ulermena balioetsiz eta baliatuz euskaraz egiteko, ahobiziak eta belarriprestak medio". "Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa eta nahia da hemendik aurrera ere euskaraz egitea eta Euskaraldiak irautea, euskaraz egiteko ohitura indartzeko eta zabaltzeko gure baitan eta gure inguruan".
Amaitzeko, Olanok, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, gipuzkoarrei dei egin die Euskaraldiarekin "gogotsu" bat egin dezaten, "etxean bezala kalean, lantokietan nahiz aisialdian, gurasoak elkarren artean eta seme-alabekin, gazteak gazteekin eta helduekin, euskaraz egiteko ohitura errotzeko".
Euskaraldiaren argazki saioan parte hartu duten Abbadia saridunak honakoak izan dira:
- Ahotsak.eus (2018): Asier Sarasua, Idoia Etxeberria eta Irati Lizeaga
- Moriarti Produkzioak (2016): Aitor Arregi eta beste bi
- Kike Amonarriz (2015)
- Ixa taldea (2013): Arantza Diaz de Ilarraza eta beste bi
- Mintzalagun ekimena (2011): Aitziber Gurutzeaga
- Joxerra Garzia (2009)
- Imanol Urbieta (2007): Joxean Urbieta (semea)
- Juanba Berasategi (2006): Miren Berasategi (alaba)
- Armiarma - Literaturaren sarean (2005): Mikel Elortza
- Tinko Euskara Elkartea (2004): Izaskun Arandia Galarraga
- Elay Taldea (2003): Jose Luis Elkoro edo Kristina Elkoro
- Dionisio Amundarain (2001)
- Ttakun Elkartea (2000): Tomas Arrizabalaga eta Jokin Guridi
- Karmele Esnal (1999): Mikel Esnal (iloba)
- Antton Olariaga (1998)
- Arrasate Euskaldun Dezagun (1997): Eñaut Muxika
- Arantzazuko Egutegia (1996): Juan Ignacio Larrea