'De Miguel auziagatik' hamar urteko inhabilitazioa eskatu du fiskalak Gurutz Larrañagarentzat

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 14a, 17:56

Gurutz Larrañaga, bigarren ilaran aurrenekoa.

De Miguel auziko epaiketan, Arabako Fiskaltzak behin betiko txostena publiko egin du gaur goizean, eta hasierako zigor eskaera guztiak murriztu ditu. Gurutz Larrañaga (Azkoitia, 1947) Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde zenarentzat, esaterako, fiskalak hamar urteko inhabilitazioa eskatu du. Hasieran, hamazazpi urteko kartzela zigorra eskatzen zuen.

 

Arabako Fiskaltzak behin betiko akusazio idatzia helarazi die aldeei eta zigor eskaerak jaitsi dizkie 26 akusatuei. Akusatu horietako bat da Gurutz Larrañaga, 2003 eta 2009 urteen artean Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde izandakoa.

Epaiketaren hasieran, hamazazpi urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskalak Larrañagarentzat, Gazteria eta Jardun Komunitarioko Sailaren zuzendariaren jarduna ez kontrolatzeagatik. Auzi saioak bukatuta, espetxe zigorra kendu eta inhabilitazioa eskatu dute azkoitiarrentzat.

Joan den urriaren 24an deklaratu zuen Larrañagak, Alfredo de Miguel EAJko buruzagi ohiarekin lotutako ustezko ustelkeria kasuaren harira egindako epaiketan. Larrañagak ukatu egin zuen kontratu irregularren gaineko ardura. Gastua baimentzeko, «orri sinple» bat sinatzen zuela esan zuen. Baieztatu zuen ez zuela kasu horrekin lotutako enpresei esleitutako kontratuen gaineko ardurarik, alegia, ez zuela horien jarraipenean eta kontrolean erantzukizunik izan. Fiskalaren arabera, 2006 eta 2009 bitartean, nahierara esleitu zituen hainbat kontratu Juan Jose Ibarretxeren Gobernuaren Kultura Sailak.

 

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide