2003ko uztailetik 2009ko maiatzera izan zen Larrañaga Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren gobernuko kultura sailburuordea. Akusatuen eserlekuan Arabako ustezko ustelkeria kasu batekin lotutako 26 auzipetuak eseri ziren atzo, horietatik 20 EAJko kargudun ohiak. Horien artean aurkitzen da Gurutz Larrañaga Kultura sailburuorde izandakoa.
Iruzur kasuan legez kanpo kolaboratzea leporatzen dio Fiskalak, eta, horregatik, 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatu harentzat. Bestetik, Eusko Jaurlaritzako Kultur departamenduko kontratazioetan iruzur egitea ere egozten diote —3 urte—. Funts publikoa bidegabe erabiltzea —5 urte—, dokumentu publikoak —5 urte— eta merkataritza agiriak faltsutzeagatik —2 urte eta 6 hilabete— ere ezarri diote zigor eskaeran. Bestalde, Fiskaltzak 1,5 milioi euroko bermea ezartzea ere galdegin dio Larrañagari.
Fiskalak, guztira, 439 urteko espetxe zigorra eskatu du akusatu guztientzat, besteak beste, eroskeria, dirua zuritzea eta prebarikazioa leporatuta. Atzo hasitako epaiketa da Euskal Autonomia Erkidegoan sekula egin den ustezko iruzurrik handiena. 26 akusatu horiez gain, 150 lekukok eta 20 peritu baino gehiagok hartuko dute parte auzi saioetan. Nahiz eta defentsak epaiketaren amaieran izatea eskatu duen, auzipetuen deklarazioak otsailaren 19tik aurrera izatea aurreikusten dute.
De Miguel auzia lehertu zenean, Iñigo Urkullu zen Euzkadi Buru Batzerreko (EBB) burua, eta hark horrela eskatuta, karguak utzi eta EAJko kide izateari utzi zioten akusatuek.