Errepidearen alde bietan dauden «espaloiek errepidearekiko duen altuera handiak, jendearen mugimenduak, aparkalekuen aldaketak eta etorkizunean Gaztanenean izango den parke estaliak» eraman du Udala Xabier Munibe kaleko lanak egitera. Aurrekontua BEZa kontuan hartu gabe, 190.878.57 eurokoa da eta lau hilabeteko jarduera aurreikusten da lanak amaitzeko. Lanak egiteko bi enpresa aurkeztu dira; Udalak Egurki etxeari esleitu dizkio. Espaloia eta bidea kota berean jarriko dituzte, eta berrikuntza moduan bidegorria jarriko dute Gaztanenea aldera dagoen espaloiaren alboan. Udalaren asmoa da Xabier Munibe kalea «erdi oinezkoentzat» izatea. Bestalde, aparkalekuak orain gutxi kale hasieran jarri dituzten moduan jartzea aurreikusten dute.
Mapan, Xabier Munibe kalea.
Bidegorria
Udalak jakinarazi du, hasiera batean bidegorria Azkotitik Zumarragara doazen txirrindularientzat izango dela soilik. Zumarragatik Azkoitira bizikletaz datozenek, berriz, errepidez egin beharko dute bidea liburutegi aurreko autobus geltokia baino lehen dagoen zebrabideraino. Gasolindegitik zebrabide horretaraino, errepidean zehaztuko dute lehentasuna bizikletek eta patinatzaileek dutela. Halere, «aukerak» ikusten dituzte bidegorria joan-etorrikoa izateko.
Planoan, Xabier Munibe bideko bidegorria eta etorkizuneko parke estalia koloretan. (Argazkia: Udala)
Horrekin ekidin nahi da txirrindulariek Elkarguneko pasabidea bizikletaz zeharkatzea. Tuneletik igarotzerakoan bizikletatik jaistea arautzen duen seinaleak daude gaur egun, baina Udaletik esan dute araua askotan ez dela errespetatzen eta horrek arriskuak eta kexak eragiten dituela. Udalaren helburua da «Xabier Munibe kaleko esku-hartzearekin eta parkea eraikitzearekin, zonaldea biziberritzea, elkarbizitza gune atsegina sortuz herrigunean bertan», azaldu dute.