Jakina denez, Euskaraldian parte hartu nahi duten guztiek, aurrez izena emateaz gain, txapa identifikagarri bat jaso beharko dute eta Euskaraldiak irauten duen 11 egunetan soinean eraman. Txapak azaroaren 19an, 20an, 21ean eta 22an jaso ahalko dira Torrezuri aretoan 12:00etatik 13:00era eta 17:30etik 19:30era bitartean.
Txapak banatzeaz Euskara Mahaia arduratuko da. Bakoitzak bere rolaren araberako txapa eramango du, alegia, Ahobizirena edo Belarriprestena.
Momentuz Azkoitian izena eman dutenen artean 991 Ahobiziak dira eta 86 Belarriprestak. Guztira, 1077 lagun. Oraindik izena eman ez dutenek, badute aukera. Baldintza bakarra 16 urtetik gorakoa izatea da.
Izena emateko bi bide daude. www.euskaraldia.eus webgunearen bitartez edo herriko hainbat gunetan jarrita dauden kutxetan. Ondorengo tokietan, alegia: Elkargunea, Udal Liburutegia, anbulatorioa, Floreaga Ikastetxea, Xabier Munibe ikastola, Izarraitz Lanbide Heziketa, Azkoitia BHI, Txerloia Futbol zelaia, AEK, Bizkargi Musika Eskola, udaletxeko harrera, Plaza Ondo Jubilatu Elkartea, San Jose Egoitza eta Odol Emaileen egoitza. Aipatu toki bakoitzean bete beharreko eskuorriak daude eta bete ostean kutxan sartu besterik ez da egin behar.
Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da.